2012/01/05

ABENDUAN 26KO PLENOAREN LABURPENA

EAJ-PNV-tik: Izaskun Sagarna, Felipe Agirrezabala, Egoitz Arana, Bitoriano Larrazabal eta Rut Martinez
Bildutik: Anuska Emaldi, Jose Luis Artetxe, Pedro Lejarza eta Zedarri Jauregi.

Zeanuriko udaletxeko batzar-aretoan, 2011ko abenduaren 26an, goian aipatutako kideak bildu ziran.

Aurreko bilera-agiriaren onarpena.
Pedro Lejarza EAko zinegotzi lez agertzen zalako, Zedarrik zuzendu egin eban. 
Santa Lutziko bidearen inguruko gaien espedientea itxi barik ezin da ebatzirik hartu eta hori azalduta egotea eskatuten dau Bilduk.

2012rako tasen onarpena.
2007tik ez da tasarik igo eta EAJ-PNVren proposamena %3a igotea zan.
Bilduk proposatuten eban igoera hori ez daitela  danontzat bardina  izan, langabezien edota egoera ekonomiko larrien dauzenantzat tasa hori txikiagoa izateko. EAJ-PNVk esan eban hori kontrolatutea oso gatxa dala.
Bildu kexatu zan Bonifikazioak egiteko ez dala eurekaz kontatu eta orain tasak egiteko bai. EAJ-PNVren erantzune bonifikazinoa plenotik pasautako gaie  zala Bildu udaletxean sartu aurretik.
 Azkenean Bilduren proposamena  aurten tasak mantendutea izan zan, gagozan egoeran egonda.
Bozkaketa egin zan:  igoerearen alde EAJ-PNV 5 boto, igoerearen kontra Bildu 4 boto.

Arau Ordezkoen aldaketa puntualaren behin-behineko onarpena.
Txosten juridiko bat jaso eban Bilduk nukleo ruralan inguruen plenoa hasi aurretik. Hori dala eta Bilduk gai hau mahai gainean ixteko eskatu eban.
Arkitektoa plenora etorri zanez alegazinoak banan- banan aztertuten ibili ziran.
Bilduk proposatutako gai hau mahai gainean ixtea onartu zan.

Plazea 14an igogailua jartzeko “Estudio de Detalle”aren onarpena.
Hasierako onarpena alkatetza dekretuz emon jakon baina ikusita lur publikoa okupatuko dala EAJ-PNVk erabaki eban plenora eroatea gai hau, udalak ez daukolako urbanismoko komisinorik.
Bilduk uste dau ez dirala moduak  gaian inguruen berba egiteko, EAJ-PNVk gure dauanean alkatetza dekretuz hartuten dituelako erabakiak eta nahi dauanean plenora eroaten dituelako.
Bildu herritarrai erreztasunak emoteko prest agertuten da, ez dau uste hau plenorako gaie danik. Gai honeri  behin-behineko edo behin betiko ( ez egoan oso ziur zer aukeztuten eben plenoan) onarpena, hasieran emon jakon moduen, alkatetza dekretuz emotea ikusi eban.

BBKren udal kontseilariaren izendapena.
Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Basauri, Ugao, Bedia, Areatza, Zeanuri herriak dira EAJ-PNVren proposamena eta euren 5 boto aldekoak.
Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Igorre, Laudio, Urduña, Lemoa, Dima, Zeberio herriak Bilduren proposamena eta bilduko zinegotzien aldeko 4 boto.

Erraldek aurkeztutako idaztiari atxikipen proposamena.
Danan adostasunagaz onartu eben mozinoa.

Euskal Presoen eskubideen alde Bilduk aurkeztutako mozioaren azterketa.
EAJ-PNVk beste mozino bat aurkeztu ebanez, bion artean adostutako testu bat aterako da aurrera.

Udalsarean sartzeko konbenioaren onarpena.
EAJ-PNVren 5 boto aldeko eta Bilduren abstenzinoa. Bilduk abstentzinoa bozkatu eban ez dauelako gaia argi  ikusten eta EAJ-PNV-k  ez deutsezalako argitu ekonomi aldetik herri honentzako zenbateranokoa  izango dan betebeharreko erantzukizuna.

Erregu eta galderak.

Orueko kruzea eta seinalea
Bilduk eskatu eban Orueko seinalea lurrean dagoena  ondo ipinteko eta kruzean seinaleren bat ipinteko, ez dagoelako ipinita lehentsuna nok daukan.
EAJ-PNVk erantzun eban aspaldi eskatu zala hori egitea.

Santa Lutziko bidea
Azkeneko plenoan , azaroaren 8an, Ercillagaz batzartutea erabaki zan eta bi hile pasatu diran arren, Bilduk ez dauka honen inguruko informaziorik. Ercillak ez dauka antza udalagaz batzartuteko gogoa.
Obispedutik alkateagaz batzar bat egiteko deitu eben eta opor ostean jabeagaz batera batzar bat egingo dabe.

Udal hitzarmena
Azkeneko plenoan esan zan  EUDELek udal hitzarmenaren inguruan abenduan erantzuna emongo ebala. Urtarrilaren 27an batzartuko direla erantzun eban EAJ-PNV-k.
Bilduk badauka udal hitzarmenaren zirriborro bat eginda eta eskatu eban negoziazino mahaia zabaldu eta langileakaz hitzarmen bat finkatuteko.

Aurrekontuak
Aurrekontuak nozko egongo diren galdetu eban Bilduk. EAJ-PNVren asmoa urtarrilaren 20rako aurkeztu eta otsailaren erditik onartutea da.

Gazte txokoa
Bilduk ez eban honeri buruz ezer jakin. Eskatu eban hartutako erabakien inguruan  informazinoa emoteko, gobernuan egon ez arren, udala guztiak direlako.
 Gazte txokoa orain zabalik dago. Zerrenda bat egingo da barriro be  gurasoakaz berba egiteko.

Bilduk auzuneetan panel informatiboak ipinteko eskatu eban.
Aurtengo aurrekontuetan partida bat ipinteko asmoa badago.

Bide bazterren garbikusia.
Pertsonal faltea dago baina hasi dira auzo batzutan garbikusia egiten.

2012/01/02

AUM-KO OSOKO BATZARRA


HAINBAT PROPOSAMEN AURKEZTU EBAZAN BILDU-K ARRATIAKO UDALAREN MANKOMUNITATEKO OSOKO BILKURAN
Abenduan 28an, Arratiako Udalen Mankomunidadean osoko batzarra izan genduan. Ohitura dan lez, goizeko 8.30etan hasi izan batzarra eta 11.00ak arte luzatu zan. 26 puntu egon ziran lantzeko eta tartean Bilduk aurkeztutako lau proposamen be.
Hasieran arin joan zan, puntuaren irakurketa eta botazinoa. EAJ-PNVren 10 aldeko boto eta gure 6 abstentzinogaz, ez gagozalako ados mankomunidade eredu eta kudeaketa honegaz.
Presoen inguruko mozino bi egon ziran, bat guk herriz herri aurkeztu doguna eta bestea EAJ-PNVrena. Bilduren mozinoari EAJ-PNVk kontrako botoa emon eutson, Aitor Sorriketaren esanetan “ez zalako presoen inguruko gaia bakarrik, baizik eta alderdiak planteatzen dabezan mobilizazinoak”. EAJ-PNVren mozinoan aurrean Bilduko ordezkariak abstentzinora jo eben.
Enpleguaren inguruko mozinoa mankomunidadeak egiten dauan enpleguan aldeko irakurketa lez ulertu eban Josune Gorospe lehendakariak eta parte hartzearen inguruan, goizeko 8:30etan eginez gero EAJ-PNVko kide guztiek bertarako aukera daukiela erantzun euskuen, eta arratsaldetan zanean be, aurreko legegintzaldian moduan ez zala inor hurreratzen plenoak entzutera.
Amaieran, EAJ-PNVko bozeroailea dan Aitor Sorriketak Bilduri esan eutsan danon beharra dala mankomunidadea babestea eta gure jarrera ezkorra dala adierazo. Kasualidadea, atzoko kontrako boto bakarrak euren alderdiak emon dauazanean.
Egunagaz bat etorri ete zan beraien jarrera be? Amaieran urte oparo bat opatu geuntzan alkarreri, bidean ikusiko gara!

Arratian, 2011ko abenduaren 29an

2011/12/06

EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE


Une historikoa bizi dugu Euskal Herrian. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko uzteko konpromisoarekin, ziklo politiko berri bati hasiera emateko oinarria sendotu da. Azken hamarkadetan bizi izan dugun konfrontazio armatua behin betiko ixteko aukera eta eztabaida demokratikoan oinarritutako eskenatokiaren ateak ari dira irekitzen.

            Gernikako Akordioan hitzartutakoari jarraiki, eta Aieten Nazioarteko Komunitateak zabaldutako mandatuaren norabidean, ETAren erabakiak, gatazka politikoa, bake bidera eramateko aukera baten aurrean jarri gaitu. Normalizazio politikora bidean eman beharreko urratsetan, besteak beste, euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu beharko da. Gernikako akordioaren hitzetan, ezinbestekoa da, “ Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:  Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz, Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea, Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea, Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea, Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe eta azkenik, Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea”.

            Euskal gizarteak urte asko daramatza, preso politikoen eskubideen bermeak eskatzen. Urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen. Urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen.

            Munduan eman diren prozesu politiko desberdinetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio. Era berean, konponbide politikoaren baitan, presoek ere parte izan behar dutelarik. Ziklo bat behin betikoz itxi eta etorkizunean aske egingo gaituen ziklo berria indarrez irekitzeko.

            Azken asteetako hitz eta ekintzei begira jarriz, Madril eta Parisetik ez da egoera berriaren tamainako urratsik eman. Presoen dispertsioak bere horretan jarraitzen du. Senitartekoek milaka kilometro egiten jarraitzen dute. Hamarnaka euskal presok, Parot Doktrinaren ondorioz, hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute. Gaixotasun larriekin dauden hainbat presok baldintza kaxkarretan jarraitzen dute. Egoera hau errotik aldatzea eta atzerapenik gabeko urratsak ematea ezinbestekoa deritzogu.

            Hori guztia kontuan hartuko, honako adierazpen hau aurkezten dugu, Zeanuriko Udaleko Osoko Bilkura honetara, eztabaidatua eta onartua izan dadin:


1.- Udal honek, bizi dugun aukera historiko honen aurrean, Euskal Preso Politikoen eskubideen errespetua eskatzen du. Hala nola, besteak beste, dispertsioaren amaiera eta preso guztien Euskal Herriratzea,  gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea eta zigorra beteta dutenen askatzea.

2.- Udal honek datorren urtarrilaren 7an  Euskal Preso Politikoen eskubideen alde burutuko den Manifestaldiarekin bat egiten du.

3.- Norabide horretan eta mobilizazio horren harira,  abenduaren 16ean udal honetako hautetsiek baraua egin eta  eguerdiko 12tan kontzentrazioa burutuko dugu. 

4.- Gure udalerriko eragile guztiei deialdia luzatzen diegu urtarrilak 7ko mobilizazioarekin bat egin  eta beronen eskutan dagoena egin dezaten bere ekimen kultural, sozial edo kirolaren alorrekoen ordutegiak berau indartze aldera kokatu ditzaten.

5.- Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun.



Euskal Herrian, 2011ko azaroan

2011/12/01

EUSKERAREN NAZIOARTEKO EGUNA

                  Udal Batzari aurkeztutako mozioa


Pertsonak, hizkuntzak eta kultura guztiak berdinak dira duintasunean. Guztiak behar dute berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, mendetasunik gabe bizitzeko. Horretarako, hizkuntza bakoitzari dagozkion nagusitasuna eta iraunkortasuna bermatu behar zaizkio bere lurralde osoan.



Euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona da denontzat. Ez du arriskuan jartzen euskaldunaren erdara(k). Ezta gaztelania eta frantsesaren garapen osoa ere euren lurralde historikoetan. Espainiak eta Frantziak ordea, gaztelania eta frantsesa inposatzen dituzte Euskararen Herrian eta trabak jartzen, euskaraz bizitzeko. Traba politikoak, juridikoak, ideologikoak, kulturalak eta soziolinguistikoak.



Euskal Herrian ireki den aro politiko berri honetan, hizkuntz gatazka konpontzea, lehentasunezkoa da. Hitz egin behar da hizkuntz asimilazioaz. Euskal Herrian gertatzen den gaztelania eta frantsesaren hedatze sozial izugarriaz. Bereizi behar dira, zein den hizkuntza horien zati onuragarria, - euskal herritarrentzat, euskaldunentzat eta Euskal Herriarentzat-, eta zein zati asimilagarria. Euskal Herriak du hitza eta erabakia.



Herritarrok gara euskara erabiltzeko eta Euskal Herri euskalduna berrosatzeko eragile, babesle eta berme. Horrenbestez, ezinbestekoa da herri gogoa indartzea. Euskararen alde egotetik “euskaraz bizi nahi dut”era pentsamendu aldatzea eta erdaraz egitetik  “euskaraz egitera” portaera jiratzea eta eguneroko ohitura bihurtzea.



         Beharrezkoa da gaurdanik, gure udalerri honetan, euskarazko elebitasuna praktikan jartzea eta norabide horretan Udal honek ondorengo konpromisoak hartu eta deialdiak luzatu nahi ditu:



1.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenen langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko.



2.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenen langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin.





3.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere barne funtzionamendua euskaraz izan dadin.



4.- Udal honek udalerri honetako euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, gure herrian eta atal zein arlo ezberdinetan, euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko konpromisoa hartzen du.



2011-12-03AN, EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNEAN.

2011/11/24

EMAKUMEEN INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA

AZAROAREN 25eko MOZIOA

 

Beste urte batez, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Zeanuriko Udalak biolentzia matxistaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.

2011a hasi zenetik 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun kasuen berri . Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugun elementuak dira. Herriko jaietan edota jai eremuetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteriaren artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain, mutil askok nesken kontrako indarkeria ere baliatzen dute…

Beraz, Euskal Herriko indarkeri sexistaren diagnosia osatu ahal izateko datu zehatzik ez badugu ere; aipaturiko datuak oinarri hartuta, emakumeon kontrako indarkeria gure herriko arazo sozio-politiko nagusia dela ondorioztatu dezakegu.

Instituzioen aldetik, emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartzeko martxan dauden lege, protokolo, ordena eta akordio inter-instituzionalak,  partzialak dira eta benetako konpromiso politikotan oinarritutako adierazpena plazaratzea beharrezkoa da.

Horren guztiaren jakitun, Udal honek


·   Indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak hartu beharko ditugu kontutan, besteak beste heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak.

·  KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitzetik ekintzetara pasatuz.

GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei,  azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Herrian edo eskualdean burutu daitezkeen  mobilizazioekin bat egiteko.