2014/11/24

ZEMENDIAREN 4KO PLENOAREN LABURPENA




AURREKO BATZARREKO AKTEN ONARPENA
2014ko uztailaren 1eko plenoko aktea onartu zan.
2014ko urriaren 7ko plenoko aktari EHBilduzeanurik zuzenketak egin eutsazan.

ALTZUAGAKO KOMUNIKAZINO ZENTROAREN ZESINOA DALA ETA, ITELAZPIGAZ HITZARMENA
EHBilduk dokumentuan dagozan akats batzuk zuzendu ebazan eta aurreko plenoan esandako puntu bat falta zala adierazi eban. Alkateak zuzenduko dala erantzun eban. Horretaz aparte, EHBilduk eskatu eban kontratuko hizkuntza sexistea be zuzentzea. Idazkariak holan egingo dauala esan eban. Gai honegaz amaituteko, EHBilduk galdetu eban ia zegaitik ipini dan Undurragako jabearen kontratuan wifia dohainik emongo jakola eta Altzuagako jabearen kontratuan ez dan ipini. Alkateak esan eban Undurragako jabeak eskatu ebala baina bieri bardin ipiniko jakiela.
Danon adostasunagaz onartu egin zan hitzarmena.

UNDURRAGAKO KOMUNIKAZINO ZENTROAREN ZESINOA DALA ETA, ITELAZPIGAZ HITZARMENA
Aurreko puntuan egindako zuzenketa bardinak eginez, danon adostasunagaz onartu egin zan.

EHBILDUK AURKEZTUTAKO SOPUERTAKO ESKOLAKO MOZINOAREN AZTERKETA ETA ONARPENA
EHBilduk  azaldu eban Sopuertako guraso eta udalak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari eskatzen dabizela bertako eskolan, La Balugan,  Lehen Hezkuntza egoteko aukerea izatea. Eskola honetan udalak eta Eusko Jaurlaritzak inbersino handia egin eben, diru publikoa erabiliz, eta beharrezko baliabideak ditu, gainera Haur Hezkuntza bertan dago. Eskatzen dabena da Sopuertan eskola publikoak Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintza biak eukitea. La Baluga eskola gotzaintzaren terrenoan dago eta hau guraso eta udalaren eskaereari trabak ipinten dabil. Gotzaintzak Sopuertan ikastetxe bat dauka, pribatua dana eta Lehen Hezkuntza eskaintza emoten dauana.
Azken baten hemen aldarrikatuten dana Eskola Publikoa da, gure herrietan danok gureko geunken aukera bat.
Rut Martinez zinegotziak EAJ-PNVren izenean esan eban mozinoan agertzen dana guzurra dala, Lehen Hezkuntza Sopuertan egiteko aukerea badagoala, eta Hezkuntza Sailak holan eskaini dauala, baina ez La Baluga eraikuntzan.
Bozketaren emaitza hauxe izan zan: EHBilduren aldeko lau boto eta EAJ-PNVren lau boto. Alkatearen kalidadezko botoa kontuan hartuta mozinoa ez zan aurrera atera.

KONSTITUZINO-AUZITEGIAK CATALUNIAKO KONTSULTA BEHIN-BEHINEKOZ BERTAN BEHERA UZTEKO HARTUTAKO EBATZIARI BURUZKO MOZINOA
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

KANPANA-AXPEONDO-URIBEKO BIDEEN ZIURTAGIRIAREN ONARPENA
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

ORUE-ASTERRIAKO BIDEAREN ZIURTAGIRIAREN ONARPENA
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

TXOROKIL KANTEREARI BURUZ ERREFERENDUMA EGITEKO ESKARIAREN AURREAN, EBAZPENA
Alkateak azaldu eban 1950. urtean Zadorra presea dala-eta hasi zala martxan kanterea, eta 1983an Arau Ordezkoetan kanterea sartzea danan adostasunagaz onartu zala. 1998an, danan adostasunegaz be, mantenidu egin zan arauetan. 2000. urtean herritar batzuk enpreseagaz harremanetan ipini ziran eta udalari kanterea handituteko eskaerea egin eutsien. Udalak baiezkoa eman eban, orduan hasi zan prozesua eta 2007.urtean handitutea onartu zan.

EHBilduk hurrengoa adierazi eban:
Prozesu honeri hasiera emon jakon urtea oso garrantzitsua da. Eskatu eban aztertutea “interes gatazkarik” egon zan edo ez aztertutea. Halan egon bazan guzti honek ez dauka zilegitasunik eta dana birplanteatu beharko zan.
Ley Reguladora de Bases de Regimen Local LRBRL kontuan hartuta,  gai hau aurrera eroateko aurretiko legezkotasun txostena behar da, azalduz,adibidez, botazinoa sinplea edo absolutoa izan behar dauan. Idazkariak erantzun eban berak plenoan bertan emongo dauzala azalpenak eta bere ustetan horregaz nahiko dala.
EHBilduk eskatu eban txosten hori euki arte gaia mahai ganean ixtea. Idazkariak erantzun eban proposamen hori be botazinora eroan beharko dala. Bozketa honen emaitza EHBilduren aldeko lau boto eta EAJ-PNVren kontrako lau boto izan zan. Alkatearen kalidadezko botoagaz gaia itxita geratu zan.
EHBilduk mahai gaineratu eban orain dala gitxi gure herriak erabakiteeko eskubidea aldarrikatu dauala, baina berau gauzatuteko lehenengo aukerea dagoanean, herriak bere eretxia emotea eskatu dauanean, EAJ-PNVk eskubide hau ukatu egiten deutsala. Herriak zer gura dauan jakin barik kudeatu gure dau udala.
Ubideko Udalak kanterean kontra egin dau  eta esan behar da Ubideko Udalari esker Zeanuriko Udalak “kautelazko gelditzean” ipini ahal izan dauala prozesu guzti hau. Zeanuriko Udalak lortu ez dauana Ubideko Udalak hilabeteko alegazino epean lortu dau, prozedurari akatsak topau deutsaz, eta hori egin arren Ubideko alkateak ez dau prebarikazinorik egin.
EHBilduk adierazi eban herri galdeketea ez dala binkulantea, ez dau prebarikazinora eroaten eta ez ditu  herritarrak engainetan, nahiz eta EAJ-PNVkoak herrian hori zabaldu gura izan. Hori da hain zuzen herritarrak engainetea.
EHBildukoak herri galdeketearen alde agertzen dira, oso garrantitsuaa dalako gai honen inguruan herrien eretxie jakitea eta kontua hartutea.
Alkateak, herri konsulta honen eskaria udalean aurkeztu dauan herritar bateri itxi eutsan berba egiten:
-          320 personak eskatu deutsie udalari harrobian inguruan euren eretxia emon ahal izatea, aldekoa zein kontrakoa.
-          Prozesu osoa zuok hainbeste oinarrituten zarien legean arabera egin dogu.
-          EAJ-PNVko batzarrean ezezkoa esateko oinarrituten zarie esanez galderea ez dala legala prebarikazinoan jausiko zintakezielako. Guk hori eztogu eskatuten, guk ahal dan neurrien eta legearen kontra jausi barik eskatan jatzue kanterean kontra egitea (Adibidez Ubideko udala). Ganera eskaerean argi ta garbi ipinten dau proposamena dala galderea.
-          Herritarren 1/3en eretxia isilduazoko dozue, sensibilidade guztietako jenteak eskatu dau. Ez dogu zuen jarrerea ulertuten, zuok zarie herritarren ordezkariak, eta Legea ezin da inoz herrian kontra joan, ez hemen, ez Kataluinan, ez Eskozian.  Honek ganera zuentzat kostu politiko handia suposatuko dau, kontsekuentziek zuok jasoko dzuez.
Legea eukiko dozue baina herriko legitimidaderik ez.
Bozketa aurretik idazkariak adierazi eban gehiengo absolutua behar dala gaia aurrera eroateko, Zeanuriko Udalaren kasuan aldeko bost boto. Bozketaren emaitza EHBilduren aldeko lau boto eta EAJ-PNVren kontrako lau boto. Kasu honetan alkateak ezin dau  bere kalidadezko botoa erabili, baina idazkariaren esanetan bozketa honegaz ezin danez  gehiengo absolutua lortu, gaia artxibatuta geratzen da. EHBilduk gaineratu eban ia hurrengo plenora ez dan eroan behar gaia, zinogotzi bat falta dalako. Idazkariak ezetz erantzun eban. EHBilduk prozedura guzti honen txosten idatzia egitea eskatu eutsan idazkariari. Egingo dauala esan eban.

URIBEKO BIDEAREN ZATI BATZUK KONPONTZEKO PLEGUEN ONARPENA
Alkateak azaldu eban %90 ezbeharretatik hartuko dala eta bestea udalak ordaindu beharko dauala.
EHBilduk barriro adierazo eban plegu honeetan be hizkuntza sexista erabiltzen dala eta mesedez zuzentzeko,“negoziatutako prozesua” agertzen dan lekuan. Horregaz batera “publizidadeduna ala bakoa” dan be agertu beharko zan. Gure kasuan publizidade bakoa. Amaitzeko dokumentuaren akats batzuk zuzendu ebazan.
EHBilduk be esan eban hobekuntzak ipini dirala pliegoetan baina gero egingo diran ala ez neurtutea ez dauala errez ikusten.
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

ALTZUAKO-IPIÑABURU BIDEEN TRAMU BATZUK KONPONTZEKO PLEGUEN ONARPENA
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

LANDATZI ETA OTZERIMENDIKO BIDEEN TRAMU BATZUK KONPONTZEKO PLEGUEN ONARPENA
Danon adostasunagaz onartu egin zan.

AZAROAREN 25EKO ADIERAZPENA
Mozino adostua aurkeztu zan eta danon adostasunagaz onartu egin zan.

ERREGU ETA ITAUNAK
Alkateak hurrengo informazinoa emon eban:
-Santa Lutziko bideko sententzia heldu da Udalera eta arrazoia emon deutsie, landa guneetan ezin dira sistema orokorrak onartu, beraz ezin da desjabetzea aurrera eroan. Udalak apelau egin dau.
-Domekan Bizkaiko Bertso txapelketako kanporaketa egingo da frontoian.
Eskolako obrari buruz, kultura zinegotziak esan eban galdera hau ikusi dauala aurreko plenoko aktan. Mantenimendua baino obra gehiago gabizela egiten onartu dau Delegaritzak. Leihoak aldatzea mantenimendua bakarrik ez dala onartu dau. Proiektu bat egin da teilatua, kalefazinoa, leihoak konpontzeko, baina industriako teknikariak esan eban kalefazinoa ezin dala orain dagoan lekuan ipini, kanpoan ipini behar dala. Beraz, bi zatitan egingo da obrea: batetik teilatua eta leihoak, eta bestetik, kalefazinoa kanpora aterako da, barria ipini, eta leku horretan igogoilua jarriko da. Kalefazinoak biomasa bidez funtzionatuko dau.
Azaldu eban zinegotziak orain arte ez dabela ezer esan adjudikazinoak astiro doazelako, baina aste honetan heldu da obraren baimena egiteko eskaria.

EHBilduren galderak:
  Arkitektoa, zegaitik dabil ondino lanean? abuztuko eta iraileko fakturak behintzet pasau ditu. Aurrezdik jakinda kontratua uztailean amaitzen jakola, zergaitik ez zan prozedura guztia maiatza-ekainean egin? Gure ekarpenakaz baldintza-orri barriak eginda dagoz? Ipinita dagoz datak?
Alkateak erantzun eban arkitektoak jarraitzen dauala barria kontratau arte. Gonbidatuak Hertza, Iritek eta Iskander dira. EHBilduk esan eban euren ekarpenean herriko arkitektoak kontuann hartzea esan ebala.
 Ikastaroak: zeintzuk dira udalak kudeatuten dauzanak? Kontratauta dago dinamizatzailea gazte txokorako?
Kultura zinegotziak erantzun eban esanez momentu honetan umeen jantza ikastaroa Musika eskolaren barruan daroala udalak. Dinamizatzaileari jagokonez, kultura zinegotziak baietz erantn eban, Areatzako neska bat dagoala.
  Lan boltsa barria nozko eta ze egoeratan dago? Idazkariak erantzun eban baldintza-orriak ia amaituta dagozala baina gauza pare bat zehaztutea falta dala.

  Munurrutuek ikusita emoten dabezan arazoak, hurrengo urteko aurrekontuetarako partida bat sortzea eskatu eban EHBilduk, arinego konpondu ahal izateko, denpora luzez egonten dira-eta konpondu barik.


 Zuleibargo komunen garbiketeari buruz, alkateak gaineratu eban astelehen eta  eguenetan garbitako proposamena egin dabela, egunean ordu bategaz nahikoa izango dala baina oraindik ez dala zehaztu ze garbitzailek egingo dauan.


 Jubilatuen alkartaegaz egindako batzarra: Alkateak azaldu eban aurrekontuetan partida bat zabaldu zanez Hirugarren Adinekoentzako, Dimako zaharren egoitzagaz harremanetan jarri zala dinamizatzaile bat kontratetako.  EHBilduk adierazo eban partida hori bere ekarpena izan zala aurrekontuetarako, eta honen helburua ez zala Jubilatuen Alkartea,  menpekotasuna daukienentzako baino. Jubilauen Alkartea gai da berau kudeatuteko, eta menpekotasuna daukienak dira laguntasun horren faltan dauzanak, ez diralako gai gauzak ebatzi   eta zelan egin jakiteko. Gainera, Zeanurin ez daukie non egonik bez. Alkateak ernatzun eban esaneztxarto ulertu ebela partida hau zbalatzearen helburua, baina honezkero eginda dago.


 Askalde. Herritar baten kexea ekarri eban EHBilduk: Askalden kotxeak aparkauta egoten diran moduak pasabidea eragozten dabe. Eskatu eban udalak neurriak hartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario