2013/06/06


MAIATZAREN 14KO PLENOAREN LABURPENA

EAJ-PNVtik: Izaskun Sagarna, Felipe Agirrezabala, Bitoriano Larrazabal eta Rut Martinez.
BILDUtik: Anuska Emaldi, Pedro Lejarza, Zedarri Jauregi eta Jokin Berrio.
Zeanuriko udaletxeko batzar-aretoan, 2013ko maiatzaren 14an, goian aipatutako kideak batu ziran.

AURREKO BILERA-AGIRIAREN ONARPENA.
Urtarrilaren 29ko, otsailaren 26ko eta martxoaren 14ko beste bi akta mahai gainean geratu ziran.

IBILGAILUEN ERROLDEAREN ONARPENA, 2013KO ZERGAREN KOBREKETEARI HASIKEREA EMOTEKO.
Danon adostasunagaz onartu zan. Igoera IPCarena izango da.

2013KO DIRULAGUNTZEN BANAKETEA.






Kontuan hartu dan erispidea, memoriarik edo justifikazinorik aurkeztu ez daben elkarteei dirulaguntzarik ez emotea izan da. Jaitsierea orokorrean %15ekoa izan da. Elkarte barriek edo orain arte dirulaguntzarik eskatu ez dabenak aukerea daukie ondino eskatuteko.
EAJ-PNVren aldeko lau boto eta BILDUren abstenzinoa izan zan botazinoa.

PLAZA 9AN UDALAK DAUKAN ETXEBIZITZA SALTZEAKO PLEGUEN ONARPENA.
Alkateak azaldu eban enpresa batean egindako tasazinoa kontuan hartuta, urteera prezioa 166.705,76€-koa izango dala. BILDUren ustetan,  herriko patrimonioa ez liteke  saldu behar  salmenta honen gainean herrieri bere eretxie galdetu barik.
Tasazinoa enpresa pribau batek eginekoa da (320€ inguru).
EAJ-PNV taldeak salmentaren alde emon eban bere botoa, BILDUk, ostera, kontrakoa.

UDAL BIDE ETA MENDI-BIDEEN ERABILEREA, ARTAPENA ETA ZAINTZEA ARAUTZEN DAUAN ORDENANTZEAREN ALDAKETEA.
EAJ-PNVk indarrean dagozan ordenantzak (BAO 2009-04-03/ BOB 03-04-2009))  aldatzea proposatu eban: 9. artikuluan, hau da, finantza 18.000€-tik 24.000€-ra pasatzea, eta berau premanentea izatea; 10. artikuluan, 50 estereotik gora urtetzen danean kanona gehitutea; 20. artikuluan, bide zorreko gunetan itxidurararik  egin ez izatea; eta pista barrietako jaubeak be ordaintzea. Bidegintzan parte ez hartzean ez dauanak edo ordaintzen ez dauanak ezin izango dau basorik atera.
BILDUk adierazo eban aldaketa hauen zehaztasun idatzirik ez dauala jaso. Ordenantzak aldatzea patxadaz egin beharreko lana dala, eta bide batez, hizkuntza sexista be zuzendu beharreko lan bat dala, kontuan harturik udalak Berdintasun Plana daukala.
Zailtasunak ikusirik gaia mahai gainean geratu zan.

EAJ-PNV UDAL TALDEAK, FRACKINGA DALA ETA, AURKEZTUTAKO MOZINOAREN ONARPENA.
BILDUri aldez aurretik ez jakonez emon mozino honen testua, kultura zinegotziak irakurri egin eban eta argitu eban urtarrilarren 29ko plenoan BILDUk aurkeztu eban testu bera dala, baina aldaketa bakarra Fracking ez! ikurraren kokapena dala, bere taldearen ustez, pleno horretan onartu zana, ordenantzen kontra doalako. BILDUk, ostera, esan eban ordenantzak ez dirala urratuten, 12. artikuluan adierazten dan moduan “… udal ondasunak publizitate bitartekoekin materialki okupatzen direnean, udalak elementuak instalatu edo espazioak akotatzea erabaki dezake, …”. Puntu hau argitzeko  txosten juridiko bat eskatuta dauka.

BASERRI GUNEETAN UR PARTZUERGOAK SANEAMENdU ZERBITZUA EMOTEKO MOZINOAREN ONARPENA.
Alkateak informatu eban Ur Partzuergoak ez dauala putzu septikoak garbituten jarraituko. Honen aurrean BILDUk galdetu eban ia orain arte kobratu dauana itzuliko dauan eta bere aldetik beharrezkoa ikusten dauala herrian saneamendu proiektu orokorra izatea.
Mozinoa danon adostasunagaz onartu zan.

ERREGU ETA ITAUNAK.
-Alkateak likidazinoan barri emon eban. 2012 erremanentea ezkorra da, -384.275€-koa.
BILDUk adieraz oeban, hau zuzentzeko aurrekontuetan onartu dan superabita ez dala nahikoa izango.
-Alkateak gaineratu eban sasitzea kentzeko sasoia datorrela eta lan hori egiteko betikoak konbidatuko dirala.
-Alkateak esan eban aurten Etxe txukunari saria Enrique Etxebarriari emongo jakola.
-Kultura zinegotziak informatu eban aurten ziurrenik udalekurik ez dala egongo, kultur etxean egiten dirazan ekintzak (ludoteka, liburutegia, …) mediku etxera eroango dirala eta datorren kurtsorako wifi librea ipiniko dala. Orain arte mediku etxean egon diran alkarteak kultur etxean eukiko dabez gelak eta KZ gunea be kendu egingo da, erabilten ez dalako.

Auditoria
BILDUk galdetu eban igaz egindako auditoria eskaerari buruz. Erantzun zan barririk ez dagoala. Horren aurrean eskaereagaz ekitea eskatu eban.

Musika eskolea
Kultura zinegotziak gurasoakaz eukitako batzarraren barri emon eban. Onartu zan komunikazino eta antolakuntza falta egon dala, baita kuota ordainketetan be. Honen aurrean,  akatsak zuzenduteko pausuak emongo direla esan zan.
 Umeak lau urtetik aurrera eukiko dabe aukerea musika eskolan ikasteko.
BILDUk gaineratu eban  musika eskoleak ez dauzala indarrean dagozan ordenantzak betetzen eta kultura zinegotziak halan dala onartu eban.

Negoziazino mahaia
BILDUk langileak egindako eskaerea mahai-gaineratu eban, negoziazino mahaia barriro zabaltzeko. Alkateak erantzun eban itxita ez dagoala.

Santa Lutziko bidea
Desjabetze prozesua martxan dago, behin “okupazinoaren aurreko akta” eukita, ordainketea eskainiko da, eta ostean bidea okupatuko egingo da.
BILDUk ez dau ulertzen inguru horretan zarratuta dagoan beste bidearen ikerketa espedientea zegaitik ez dagoan zabalduta, eta ondino gitxiago ulertzen dau “sistema general de suelos” en barruen dagoala jakinda, hau da, publikoa izanda.

Lorak
BILDUk galdetu eban ia zer egingo dan sobratu diran ia 300 lorakaz.
Salgai ipiniko dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario