ORDEZKO ARAUEI BURUZKO PROPOSAMENAK
Udalean eztabaidatzen diren Ordezko Arauen aldaketa puntualak direla eta, hauek dira Zeanuri Bizi Elkarteak aurreratzen dituen proposamen batzuk, beti be elkartearen irizpideen ikuspegitik:
Lurzoru urbanoko aldaketak:
1. Torreko Etxebizitza Tasatuak: Herriaren ezaugarriak kontuan hartuta egokiago ikusten da arauetan ezarrita dagoen etxe kopurua, 14 etxebizitza, aldaketarako testuan proposatzen diren 32 etxebizitza baino. Zerbait aldatzekotan aztertu beharko litzateke Zeanuriko plaza inguruan lurzoru egokiagorik dagoen etxebizitza horiek eraikitzeko. Torretik Undurragarantza dagoen zelaigunea egokiago ikusten du Elkarteak ekipamendu publikoetarako, kirola praktikatzeko gune moduan, igerileku edo abar egiteko, beti be Torrea eraikina bera zainduta erreferentzia historiko eta monumental moduan.
Lurzoru ez urbanizagarria:
Hainbat aldaketa proposatzen dira Udalaren testuan lurzoru ez urbanizagarrian eta ia denak dira murriztaileak. Elkartearen ustez joera murriztaile hau ez dago indarrean den Zoruaren Legean oinarrituta. Txostenean ez da agertzen nork edota zergatik edo zertan oinarritzen den joera murriztaile hori.
Elkartearen iritziz zoru ez urbanizagarriak balio handia du Zeanurin, bertan delako Gorbeiako Parke Naturala eta Gorbeia mendia, berak osatzen duelako Zeanurik duen balio paisajistiko zoragarria, eta bertan direlako Zeanuriri nortasun berezia ematen dioten eta ondarea diren auzoak, kofradiak, eta baserriak.
Arau urbanistikoek gaur egun zutunik dauden eraikinetan eta eraiki daitezkeen eraikin berriak erregulatzen dituzten neurrian eragin izugarria dute, epe luzera zein laburrera, auzo eta baserri horien nortasuna eta itxura eta, ondorioz edo emaitza moduan, gaurtik urte batzuetara gure begien aurrean izango dugun paisaian.
Labur esanda, Zeanuriko herriak duen ondarean eragiten dute Ordezko Arauak.
Guzti hau kontuan hartuta, eta hala nahi duten Zeanuriko herritarrak bertan lan eta bizi ahal izatea bideratu nahian, egiten ditu Zeanuri Bizi Elkarteak ondoko proposamenak:
1. Baserri guneetan gaur egun eraikigarriak diren lurretan orain arte zutik dirauten tamaina eta estiloko etxeak eraiki ahal izatea. Gaur egungo bizi estiloa kontuan hartuta eraikin hauek handiegiak izan daitezkeenez etxebizitza moduan erabilgarriak izateko, eraikin bakoitza gutxienez 100m2ko tamaina duten etxebizitzatan banatzea baimenduko da.
2. Zutunik dagozan baserriak hainbat etxebizitzatan banatu ahal izango dira bakoitzari gutxienez 100m2ko zabalera bermatuz.
3. Dagozan eraikinetan, nahiz berrietan, ez dute konputatuko sotoak. Zoru aldapatsuetan soto moduan hartuko dira hiru horma, edo alde, lurpean izanez gero laugarrena agerian geratzen bada ere. Zelaietan 1,20metroko altuera agerian izan dezakete sotoak inguru guztian.
4. Etxe edo eraikin nagusiaren ondoan, etxeari erantsita edo tartea utziz, osagarri izan daitezkeen erabileretarako, adibidez autoak gordetzeko, eraiki daitezkeen etxolak ez dute eraikin moduan konputatuko 150,00m2 baino txikiagoak diren bitartean.
5. Monumentu izendatuta dauden eraikin eta baserriak etxebizitza moduan berriztatzea ez da baimenduko. Eraikin edo baserri horien jabeak eskubidea izango du tamaina berdineko eraikin berria eraikitzeko, eta bertan izango du etxebizitza egiteko eskubidea. Eraikin berria egiten denean etxe zaharrak galdu egingo bertan bizitzeko eskubidea, baina etxe zahar horiek bere egitura eta itxura dauden moduan mantentzeko betebeharra izango dute jabeek, eta helburu horretarako diru laguntza publikoa izango dute.
6. Jarduera bateri lotuta eraiki ahal diren txabolak 150,00m2 izango dute gehienez.
7. Bai zutunik dagozan eraikinetan, bai eraiki daitezkeen barrietan, inguruarentazko kaltegarria ez den edozein jarduera baimendu ahalko da. Adibide moduan orain murriztagarria dan nekazal turismoko (agroturismoko) jardueraz gain, landetxe nahiz aterpetxe nahiz hotel jarduerak burutu ahal izango dira.
8. Lur sailen banaketa. Gaur egun baimentzen diren hesiez gain tradiziozkoak diren munneen (muinoen) antzeko banaketak hobetsiko dira: Lur sailen banaketan ez da onartuko muro bertikalik, baizik eta %50eko gehienezko aldapadun muneak beti be gai begetalez estaliak.
Zeanuriko herriaren garapenerako zehaztu beharreko beste gai batzuk.
1. Jarduera industrialerako egokiak diren lurrak izendatu Zoruaren Legeak agintzen duena betez.
2. Zubiateko jauregiak Zeanuriko herrian duen zentraltasuna kontuan hartuz eraikin horren eta inguruko lurren erabilera zehaztu eta jabeekin hartuemonetan jarri erosketa bat, edo eraikinaren zati bat eta parkearen erabilera konpartitua, posible diren begiratuz.
3. Gorbeiako Parkera irisgarritasuna hobetu Zeanuriko plaza eta bertan diren ostalaritza jarduerak indartzea ardatz moduan hartuz. San Justo, Lanbreabe eta Atxuriko bideak zaindu. Segurtasuna bermatzeko beharrezko diren tokietan hesiak edota barandailak jarriz eta lupetza egiten den lekuetan zorua harrituz.
4. Saldropoko Hezegunea aisialdirako esparru moduan bultzatu. Bidezidorren seinaleztapena osatu. Uguzpeko ur jauzia intereseko gune moduan izendatu eta bertarako bideko seinaleak jarri. Ur jauziaren ingurua zaindu. Eguzkiolako gaina eta kobazuloa interesgune moduan izendatu eta seinaleztatu.
5. Jondegortako ingurua interesgune moduan izendatu eta bertako aparkalekuak handitu.
6. Auzoetan ermita inguruen erabilera publikoa bermatu, eta egoki diren urbanizazio, jolas leku eta altzari publikoz hornitu.
Proposamen guzti hauek eztabaidagai lez aurkezten ditu Zeanuri Bizi Elkarteak, beti be herritarren bizi baliabide, bizi kalitate eta ongizatearen aldekoak direlakoan.
Zeanuri 2011-09-24
No hay comentarios:
Publicar un comentario