2018/12/26

2018ko azaroaren 27ko ohiko plenoa


Bertaratuak: Eusebio Larrazabal Olabarri, Eider Ajuriagerra Arana, Felipe Agirrezabala Agirrezabala, Eneritz Iza Uriarte, Gurutze Etxebarria Zuloaga, Zedarri Jauregi Manterola, Irati Urien Ortuzar, Arkaitz Estiballes Ormaetxea.

Idazkaria: Ana Mari Bengoetxea Lejarza.


Plenoaren gai ordenagaz hasi orduko alkateak dino urgentziazko bi puntu dagozala, eta ia danak konforme dagozan gai horreek tratetako. Danak konforme agertuten dira.



1. Aurreko bilera agirien onarpena.

Onartuten diran aktak: Abuztuaren 17koa eta urriaren 4koa.
Onartuten ez diran aktak: Urriaren 16koa eta urriaren 25ekoa. Urriaren 16koari zuzenketak egiten deutseez EH Bilduk eta EAJk; urriaren 25ekoari, EH Bilduk egiten deutsoz zuzenketak.



2. Jubilatu elkarteagaz hitzarmenaren errebisiñoaren azterketa eta onarpena, halan badagokio.
EH Bilduk hitzarmeneko hainbat puntu aipatuten ditu, eguneratu beharrekoak. Hori dala eta, alkateak gaia mahaiganean iztea ebazten dau. 




3. Bitartekaritza elektroniko sistema arautzen dauan hitzarmenaren azterketa eta onarpena, halan badagokio.
Idazkariak azalduten dau administrazino desbardinak deukiezan datuak elkartrukatuteko aukerea eukiteko dala, herritarrari datuok eskatuten ibili barik, eta aldrebes, azken baten tramiteak egiteko erreztutea deukola helburu.
EH Bilduk dino ados dagoala erreztasun hori lortuteko asmoagaz baina gauza bardina egin beharko litekela Zeanuriko Udalean. Idazkariak dino tramite batzuk egiteko aukerea badagoela, emailez.

Danon arteko adostasunagaz, 8 botogaz, onartu egiten da hitzarmena.



4. BFA eta Zeanuriko Udalaren arteko lankidetza hitzarmenaren azterketa, datuak modu elektronikoan trukatzeko, eta onarpena, halan badagokio.
Aurreko puntuaren antzeko kontua dala eta onartu egiten da hitzarmen hau be, baiezko 8 botogaz.



5. Zuzenbide publikoko dirusarreren derrigorrezko diru bilketa egiteko hitzarmenaren aldaketaren onarpena, halan badagokio. (IBI)
Alkateak eta idazkariak azalduten dabe, honen helburua ondorengoa dala: zorren bat dagoanean Diputazinoak ejekutiboan kobrau dagiela, eta herritarren batek errekursoren bat aurkeztu ezkero horreri Udalak erantzun beharko deutsola.

Danon adostasunagaz, baiezko 8 botogaz, onartu egiten da.



6. Langileen 2018ko ordainsarien igoeraren azterketa eta onarpena, halan badagokio.
Alkateak dino Eudelen gomendioaren arabera igoerea %1,5ekoa dala eta horreri uztailaren 1etik aurrera %0,25a gehituten jakola. Jarraituten dau alkateak esanez aukerea dagoala %0,3 gehiau be gehituteko baina eurek %1,5 + %0,25 igotea proposatuten dabela.

EH Bilduk azkenengo %0,3 hori be igotea proposatuten dau, Eudelek bere zirkularrean halan eitea gomendatuten deutsielako 2017ko Aurrekontuan superabita deukien udalerrieri. Alkatea ez dator gomendio horregaz bat.

Bi botazino egiten dira orduan. Lehenengoan, %1,5+%0,25a botetan da eta onartu egiten da (EAJk aldeko bost boto, EH Bilduk 3 abstenzino). Bigarren botazinoa %1,5+%0,25+%0,3aren inguruan egitean da eta ez da onartuten (EAJ-k kontrako 5 boto emoten ditu, EH Bilduk aldeko 3).



7. Azaroaren 25erako adierazpen instituzionalaren azterketa eta onarpena, halan badagokio.
Danon adostasungaz onartu egiten da, aldeko 8 boto.

Bozketaren ostean EH Bilduk dino onartu bakarrik ez, gero ipinten dauana bete be egin behar dala.



8. 2019rako tasa eta prezio publikoen eguneratzearen azterketa eta onarpena, halan badagokio.
Alkateak dino eguneratu egingo direla urriko IPC-a kontuan harturik, eta horreri, 0,5eko borobildutea egingo jakola behar izan ezkero.

Danak alde agertuten dira, baiezko 8 boto.



9. Probalekua, Landetan eta Plazea 1-6 guneetan aparkamenduaren ordenazioaren proposamenaren azterketa eta onarpena, horrela badagokio.
Alkateak azalduten dau prozesua ondorengoa izan beharko litekela: lehenengo galazo eta gero ebatzi nortzuri baimena emon, kriterio batzuk finkatute. Jarraituten dau esanez informazinoa zabalduko dala horren barri emoteko, eta alegazinoak aurkeztuteko aukerea egongo dala. Esaten dau be bai piboteak ipiniko dirala baina larrialdiko zerbitzuak aukerea eukiko dabela pasoa zabalduteko.

EH Bilduk adierazoten dau oindino argi eukin arte zelan egin gura dan (nortzuk baimendu, ordutegiak...) gaia mahaiganean iztea eta hurrengo pleno batera ekartea aurretik batzartu eta puntuok pentsau ostean. Horretatik aparte EH Bilduk proposatuten dau piboteak ipini beharrean herrian egingo dala zabaldu eta herritar bakotxa kontzientziatzea eta bakotxaren ardurapean iztea bete beharrekoa, eta bete ezean toketan dan multa ipintea; modu horretan, besteak beste, gastu bat aurreztuko zalako. Eta, honegaz lotuta, EH Bilduk gogorarazoten dau aurreko pleno baten esan eban moduan, herri osoan zehar txarto aparketan dala eta ez deukola zentzunik alde bat antolatu eta inguruan dagozan aparkau ezineko lekuak beteta segidutea. Horren aurrean bi gauza proposatuten ditu, batetik, aparkalekuak antolatuteko prozesua herri danerako izatea aldi berean; eta bestetik, puntu honetako guneak (Landeta, Probalekua eta Plazea 1-6) ez direnetan edo seinaleak errespetaazotea edo bestela kentzea, ez deukolako zentzunik momentu honetan erabilten diran moduan erabiltea. Alkateak dino horreri be heldu egin behar jakola baina hainbatetik hasi beharko dala eta Probalekua, Landeta eta Plazea 1-6tik hasiko dirala. Dino be bai aparkalekuak dirala eta, pleno baten esan eban moduan, lantaldea sortu beharko dala.

Eztabaida luze baten ostean, honeek dira jarraituko diran pausuak, idazkariaren esanetan:

1. Galazo.
2. Batzuk baimendu (Probaleku inguruakoak, Landetakoak, eta Plazea 1-6koak).
3. Eguerdira arte danontzako zabalik egongo da (bankura joan ahal izateko).
4. Zelan, noz eta nor baimendu auzokideakaz ebatziko da.
5. Alegazinoak aurkeztuteko epea abenduaren 31ra artekoa izango da.

Botazinora joanda, aparkamenduaren ordenazinoaren proposamena onartu egiten da EAJren aldeko bost botoakaz. EH Bildu abstenidu egiten da.



10. Errotaren bidez lanbide zerbitzua antolatzeko proposamena.
Alkateak dino Errotak Behargintza zerbitzua berak eroatea proposatuten dauala, eta EAJkoak horretarako desadostasuna agertu eutsiela Errotakoari euren aldetik, pentsetan dabelako zerbitzu hori beharrezkoa balitz Mankomunidadeak eroan beharko leukela. Gaineratuten dau alkateak ez dagozala prest beste 12.000€ko kostua ordainduteagaz.



11. Euskadiko Hidrokarburo Baltzua, A.B.-ri Jaurlaritzak Sustraisa, Landare, eta Lore hidrokarburoak ikertzeko emandako baimenen inguruan EH Bilduren mozinoa.

Hauxe mozinoa:

Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, S. A. - Euskadiko Hidrokarburo Baltzua, .A. B.-ri Jaurlaritzak Sustraia, Landarre eta Lore hidrokarburoak ikertzeko emandako baimenen inguruan
ZIOA
2011ko ekainaren 15ean, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, S. A. - Euskadiko Hidrokarburo Baltzua, .A. B.-k (SHESA), hidrokarburoak ikertzeko “Sustraia”, “Landarre”, “Lore” eta “Lurra” izeneko baimenak eskatu zituen Jaurlaritzako Energia eta Meategi zuzendaritzan.
Baimen hauek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako lurraldeetan kokatzen ziren, eragin esparrua bereziki handia zelarik Gipuzkoa eta Bizkaian.
2018ko urriaren 9ko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 142/2018 Dekretuaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko «Landarre», «Lore» eta «Sustraia» izeneko baimenak eman ziren, eta “Lurra” baimena bertan behera geratu zen, SHESAk uko egin diolako. Egun berean, Saia izeneko hidrokarburoak ikertzeko baimenaren azalera murrizten duen Agindua onartu zelarik. Baimen hauen helburu goelogikoa, SHESAren arabera, “flysch beltza” bezala ezagutzen den geruza da, kostaldean lurzoru mailan agerikoa dena eta Gipuzkoa eta Bizkaiko zati handi batean lur azpian aurkitzen dena.
Orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan SHESAren interesa Arabako lurraldean zentratu badira ere, hidrokarburoak ikertzeko baimen berri hauek eskuratuta, esan daiteke EAE osora zabaldu dela eragin esparrua, dagoeneko azaleraren %50 baino gehiago geratzen delarik hidrokarburoak ikertzeko baimenen eraginpean.
Hidrokarburoak ikertzeko baimen bat emateak, finean, eremu horretako edozein lekuetan SHESA enpresak hidrokarburoak ikertzeko ekimen ezberdinak aurrera eraman daitezkeela esan nahi du, esplorazio putzuak barne. Baimen berri hauen azalera aztertuta, SHESAren jomugan dozenaka udalerri berri geratzen dira, gurea barne.
Zeanuriko EH Bildu udal taldearen ustez, azken urteetan, bai euskal herrian bai mundu mailan, negutegi efektuzko gasen isuriek eragiten duten aldaketa klimatikoaz jabetu eta arduratu gara, eta energiaren arloko ekimenak karbono isuririk gabeko etorkizun baterantz ipintzen saiatu beharko genuke, trantsizio sakon baten lehen urratsak ematen hasiak garelarik. Trantsizio bat non, erregai fosilek txikiagotzen joango den eginkizun bat izan badezakete ere, hidrokarburoen bila dabilen enpresa publiko batek ez duen lekurik. Trantsizio garai hauetan, energia arloko inbertsio publikoa hidrokarburoen bilaketari baino, energia berriztagarriei begira ipintzea logikoagoa dela ondorioztatu daiteke.
Zentzu honetan, tamalgarria da %100ean SHESAren jabe den Euskal Energia Erakundeak trantsizio energetikoari begira bideratzen dituen diru-laguntzak ez nahikoak direla ikustea, proiektu interesgarri asko finantzazio faltarengatik burutu gabe gelditzen direlarik, eta aldi berean urtero arrakastarik ez duten SHESAren ekimenei milioika euro ematen zaizkiola ikustea.
Hori horrela, Zeanuriko EH Bildu udal taldeak honako mozio hau aurkezten du udalbatzan eztabaidatzeko:


MOZIOA
  1. Zeanuriko udalbatzak bere kezka adierazten du Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi, S. A. - Euskadiko Hidrokarburo Baltzua, .A. B.-ri (SHESA) Jaurlaritzak Sustraia, Landarre eta Lore hidrokarburoak ikertzeko emandako baimenek udalerrian izan dezaketen kalteekin.
  2. Zeanuriko udalbatzak eskatzen dio SHESAri, Energiaren Euskal Erakundeari eta Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailari gera ditzatela gure udalerrian egon daitezken hidrokarburoak bilatzeko asmoak.
  3. Zeanuriko udalerriak Energiaren Euskal Erakundeari eta Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailari eskatzen die, hidrokarburoak bilatzeko proiektuak bultzatu ordez, eraginkortasun energetikorako eta energia berriztagarriak bultzatzeko erabiltzen dituen diru-partidak handitu ditzatela, karbono-gabetzea helburu duen trantsizio energetiko bat bultzatze aldera.
  4. Zeanuriko udalbatzak onarturikoa Bizkaiako Aldundiari, Euskal Energia Erakundeari eta Jaurlaritzari helaraziko zaio. 

Zeanurin, 2018ko azaroaren 14an


Alkateak dino eurek agindu dabena onartuko leukiela dino, eta ez dirala eztabaidatuten hasiko. Idazkariak dino EAJren mozinoa ezin dala botau plenoko gai ordeneko puntua ez dalako.

EH Bilduk aurkeztutako mozinoa ez da onartuten EAJren kontrako 4 boto eta abstenzino bategaz. EH Bilduk aldeko hiru boto emoten deutsoz.



12. Monarkiaren inguruan EH Bilduren mozioa.

ZEANURIKO ALKATEARI
EH Bilduk honako proposamena egiten du Zeanuriko Udalbatzak onar dezan:

Akordio proposamena
Zeanuriko udalbatzak euskal errepublikaren baloreen aldeko konpromisoa berretsi eta monarkia bezalako erakunde zaharkitu eta antidemokratiko baten abolizioaren alde egiten du.

Azalpena
Euskal Herriak ez zuen onartu 1978-ko Konstituzio espainiarra, zeinaren ondorioz Juan Carlos Borboikoa Estatu Buru gisa izendatua izan zen. Euskal Herriak uko egin zion frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzionala “lotuta eta ondo lotuta” uzten zuen konstituzio horri. Eta uko egin genion, besteak beste, herri gisa etorkizuna libreki eraikitzeko eskubidea ukatzen zigulako eta benetako haustura demokratikorik ez emateaz gain, Hego Euskal Herria bi eremu administratibotan zatitzen zuelako.
Eredu politiko hau, ordea, ez da gai izan espainiar estatuaren menpeko herrien zein Estatuko herritarren aldarrikapen demokratikoak geldiarazteko. Gero eta nabarmenagoak eta indartsuagoak dira, estatu espainiarreko nazioek beraien etorkizunaren jabe izateko egindako aldarrikapenak eta Felipe VI erregearen posizioa agerikoa bezain onartezina izan da, Kataluniako aferan izandako interbentzioa besteak beste.

Zeanurin, 2018ko azaroaren 14an.

Alkateak dino eurena onartuko leukiela gai ordenean balego, eta EH Bildunari orduan kontroko botoa emongo deutsola. EH Bilduk dino ezin dauela ulertu EAJk onartuko leuken mozinoa, batez be bertan agertuten dan hirugarren puntuak dinoenagaitik: 3.- Monarkia da, gaur egun, erabateko anakronismo historiko eta demokratikoa eta, Euskadiren kasuan, zentzurik aurkitzekotan, bakarrik ulertuko genuke Estatuaren eta Euskadiren erabateko autogobernuaren arteko lotune gisa, Estatutuak eta Konstituzioak babesten dituzten eskubide historikoen arabera eta foru erregimena errespetatuz.

EH Bilduren mozinoa ez da onartuten EAJk emoten deutsozan kontrako 5 botoakaitik. EH Bilduk aldeko 3 emoten deutsoz.



13. Programa Sanitario Macizo Gorbeia.
Alkateak azalduten dau Diputazinoa eta Gorbeialderen arteko programa bat dala, Gorbeiera ganadua eroan gura dabenantzat. EH Bilduk dino ez dala normala batetik, erdera hutsean egotea; eta, bestetik, firmau barik etortea.

Botazinora joanda, onartu egiten da aldeko 8 botogaz.



14. Euskararen Eguna.
Adierazpena danon adostasunagaz onartu egiten da.



15. Erregu eta galderak.

- EH Bilduk dino Pirritx eta Porrotxen ikuskizuna dala eta eskolako umeari emoten jakien papelean datak oker dagozala eta horrek arazoak sortu leikezala. EAJk dino egia dala eta kontua bideratuta dagoala. Jarraituten dau EAJk esanez 2017/2018an jaioak ez dabela sarrerarik ordaindu beharko baina sarrerea hartu bai.

- Alkateak hartzean dau berbea azalduteko zergaitik heldu diran bera eta idazkaria berandu. Kontetan dau notarioan egon dirala, Altzusteko San Migeleko ermitea eta terrenoak direla eta. Azalduten dau kofradia “sociedad civil” moduan eratu ein behar dala eta gero erregistrau. Sociedad civil izanda horrek tramiteak eiteko poderea emoten deutsiela maiordomoari eta alkateari. 2015ean Legebiltzarrean onartu zan legeak ahalbidetuten dau sociedad civil izanda batzarrera bertaratuten dan gehiengoak ebatziek hartzea. Ermiteak “sociedad civil” horren izenean segiduko dauala dino alkateak.

Alkateak dino kofradiko bi dirala firmau ez dabenak, eta horreeri sinatu danaren barri emongo jakiela, errekursorik ipini gure ezkero.

- EH Bilduk galdetuten dau abenduan plenorik egongo dan, eta balego eskertuko leukela legegintzaldi hasieran EAJk esanekoa betetea (hileko lehenengo asteko eguenean informatiboa eta hileko bigarren asteko barikuen plenoa) eurek be euren bizitza antolatuteko. Alkateak dino abenduan plenoa egongo dala, 2019ko Aurrekontua onartu beharko dala eta.

- EH Bilduk galdetuten dau ia zer dala eta ibili zan Zeanuri ganetik abioneta bat fumigetan. EAJk erantzuten dau “procesionaria” dala eta, ez zala izan pinuen gaixotasunagaitik.

- Alkateak aipatuten dau lehengo baten Oñatin egon zala, Eusko Ikaskuntzaren urteurrena dala eta gonbidatu lez; izan be, orain dala 100 urte gonbidatuta egon ziren udalen artean Zeanuriko alkatea be bertan egon zala, Joakin de Ibarretxe dalako bat, eta horregaitik gonbidatu ebela bera be.

- EH Bilduk dino presako bidean tramu bat arriskutsua izan leikela, laban egiteko arriskua egon leikelako. Alkateak dino begituko dala, eta esaten dau be bai Consorcioagaz berbaz eskatuteko Palomaresetik Arbinera doan bidea berreskuratuteko eta holan beste zubiagaz bat eiteko; baina jarraituten dau esanez, Consorciokoak esan eutsiela seguridade kontuakaitik, ezin dala.

- EH Bilduk dino kultur etxeko igogailua egiteko obren lekuan ez dagoala segurtasun neurriak betetan dituen jakinarazpenik.

- EH Bilduk dino azken aldian herrian egon diren lapurretak dirala eta ia koordinazino mahairik dagoan. Alkateak dino bideratuta dagoala kontua.

- EAJk dino desfibriladora ipinten eta erabilpena azalduten etorriko direla, inok joan gura badau. EH Bilduk erantzuten dau joango dala.


No hay comentarios:

Publicar un comentario