2021/09/09

2020ko otsailaren 20ko ohiko plenoa

BERTARATUAK: EIDER AJURIAGERRA ARANA, MIKEL IBARRA MARTINEZ, GURUTZE ETXEBARRIA ZULUAGA, NAGORE MADARIAGA PAREDES, IRATI ALTUNA ZUAZUA, JAVI CAMPO GOIKURIA, NAHIA URRUTXUA ARRIORTUA, ARKAITZ ESTIBALLES ORMAETXEA, MIKEL SAGARNA AGIRREZABALA.

Idazkaria: Ana Mari Bengoetxea Lejarza.


Zeanuriko udaletxeko batzar-aretoan, 2020ko otsailaren 20an,20.30etan, goian aiptutako zinegotzi-gaiak biltzen dira azaroaren 19ko deialdian aipatutako gaiak jorratzeko.

Toki alorreko legeek ezarritako kuoruma betetzen dala ikusita,Alkateak, bilereari hasiera emoten deutso.


1. AURREKO BILERAKO AKTAREN ONARPENA

2019ko azaroko akta onartzen da.

2020ko urtarrilaren 23ko akta onartzen da.


2. 2020KO SEKTORE PUBLIKOAREN ORDAINSARIAREN GEHIKUNTZARI BURUZKO AKORDIOA

Alkateak, Eudel proposamena kontuan izanda, eta era berean Estatuaren 2/2020 Errege Dekretua, langileen ordainsariei dagokiena, EAJ-PNVk hurrengokoa proposatzen dauela dino:

-urtarrilaren 1etik aurrera: %2,igoera .

-gero,uztailan onartzen den Barne Produktu Gordiñaren igoeraren arabera beste igoera bat egon daitekela.

Alkateak adierazten produktibitateari dagokion 0,3 ez dabelako proposatzen, ze hori neurtzeko modurik ez dagoela. Arkaitz Estiballesek galdetzen dau ia zein den produktibitateari dagokion igoera ez aplikatzeko arrazoia. Adierazten deutso Alkateak azaltzen deutso horretarako herramienta bat behar litekela, adibidez lanpostuen balorazio bat. Arkaitz Estiballesek erantzuten deutso eurek be ez dabela ikusten administrazioaan produktibilatea baloratzea baina lanpostuen balorazioa bat egitea ondo ikusiko leukiela.

Beraz, bozketa eginda, guztien adostasungaz , 5 boto alde EAJ-PNV eta 4 boto alde, EH –Bildu, hurrengoko ebazpena hartzen da:

-urtarrilaren 1etik aurrera: %2,igoera .

-gero,uztailan onartzen den Barne Produktu Gordiñaren igoeraren arabera beste igoera bat egon daitekela.


3. ALTZUSTA 59 ZENBAKIDUN ETXEBIZITZAREN AURREAN DAGOEN TERRENOAREN JAUBETZARI DAGOKION IKERKETA ESPEDIENTEAREN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOEN EBAZPENA

Alkateak hartzen dau adierazteko udalbatzako kideak gaiaren mamia ezagutzen dabela. Terreno horreri buruz ikerketa espediente bat hasi zala 2019ko uztailaren 18an, eta ikerketa espediente horreri amaiera eman jakola 2019ko azaroaren 21eko udalbatzan terreno horretan bide baten erabilera publikoa onartuz. Erabaki horren aurrean errekurtso bi aurkeztu direla .Oso nabarmena izan dela Garbiñe Mayorrek, orain arte, terreno hori publikoa dela adierazten izan dauenak, orain pribatua dela adieraztea. Beraz, bai Josu Amurizak (Altzusta 59ko jaubeak) eta bai Garbiñe Mayorrek (Altzusta 63ko jaubeak) terrenoaren izaera pribatua dala adierazten dabenez euren errekurtsoetan, Katastrora bertaratu direla eta era berean, abokatu baten eskuetan itzi. Abokatuak, Carlos Sistiagak, gaia aztertzen dauen txosten bat idatzi dauela. Katastroak adierazi dauela hor bide bat badagoela, baina ezin dabela esan publikoa edo pribatua denik, ez direla titulartasuna argitzen sartuko. Abokatuak bere txostenean adierazten dauela espediente honetan kontuan eduki beharrekoak katastroa, jaubetza erregistroa eta testiguak direla. Katastroak ematen dauen informazioa hor bidea dagoela dela, bere izaera juridikoa ziurtatu barik. Jaubetza erregistroak 1895etik aurrera dagozan eskrituretan ez da aipatzen hor biderik dagoenik. Horrek ez dauela esan nahi biderik ez dauenik, ze batzuetan bideak erregistratu barik egoten direla. Abokatuak, kasu honetan ezinbesteko garrantzia ematen deutsiela testiguei. Testigu batzuk adierazi dabela hor ez dela inoz biderik egon eta bakarrik pasau direla Josu Amuriza eta bere osabea eta bestetik, berbaz,adierazi dabenak hor bidea egon dala. Beraz, testigu horiek , euren testigantza kontuan izateko, idatziz, adierazi beharko leukie hor bidea dagoela, udalbatzak bide publiko bat dagoela berresteko. Beraz, inguru horretan auzotarrei, bai oinez, bai kotxez ibiltzeko zerbitzua ematen daurien bideak egonez. Itxura baten terreno horretan ez dagoela interes publikoa, eta katastroak ez dauenez ziurtatzen euren ustez bidea dana publikoa denik, Alkateak proposatzen dau aurkeztutako errekurtso biak onartzea, eta azaroan hartutako erabakia bertan behera iztea. Guzti honen berri katastroari emango litzaioke. 

Amaitzeko adierazi nahi dauela, ondorio honetara heltzeko garrantzizko datua bide publikoaren aldeko testigu falta izan dala, gertatu ahal dala bihar etzi testigu horiek bide publikoa dagoela adieraziko balebe idatziz espediente berriro martxan jarri ahal dala. Dirudienez ez dagoela partzela horretan bide publikorik eta ez dauela inor bultzatuko epaitegietara joaten.

Arkaitz Estiballesek adierazten dau ados dagoela Alkatearen planteamenduagaz, EH Bilduk lehenengotarik defendatzen ebalako gauza bera. Halan eta be adierazten dau, honelako arazoak behin eta berriz sortu ahal direla Zeanurin, eta EH Bilduk behin eta berriz adierazi dauela inbentarioaren beharrizana.

Gaia eztabaidatu ostean, bozketara jotzen da eta 9 aldeko botoakaz, 5 EAJ_PNV eta 4 EH Bildu, hurrengoko akordioa hartzen da,

Lehena: Josu Amuriza jaunak eta Garbiñe Mayor andreak 2019ko azaroaren 21eko udalbatzak Altzusta 59 zenbakidun etxebizitzaren aurrean dagoen terrenoaren jaubetzari dagokion ikerketa espedientean hartutako behin betiko erabakiaren aurrean aurkeztutako errekurtsoak onartzea.

Bigarrena: 2019ko azaroaren 21eko udalbatzak Altzusta 59 zenbakidun etxebizitzaren aurrean dagoen terrenoaren jaubetzari dagokion ikerketa espedientean hartutako behin betiko erabakia bertan behera iztea.

Hirugarrena : Bizkaiko Foru Aldundiaren katastro sailari horren berri ematea.

Laugarrena: Interesatuei horren berri ematea.


4. MARTXOAREN 8A DALA ETA, EH BILDUK AURKEZTUTAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALAREN EBAZPENA, HALAN BADAGOKIO

Alkateak hartzen dau berbea adierazteko Martxoaren 8a dala eta deklarazio bi dagozala, bata EH Bilduk aurkeztutakoa eta bestea Eudelen onartutakoa. Kontuan izanda EH Bildu Eudelen dagoela ia euren deklarazioa erretiratuko daben galdetzen dau Alkateak. Arkaitz Estiballes, EH Bilduko zinegotziak ezetz adierazten dau, ez dabela erretiratuko. Galdetzen dau zergaitik ez dagoen ados EAJ-PNV eurek aurkeztutako deklarazioagaz. Alkateak erantzuten deutso Eudelekoa adostuta dagoela eta ez deutsola eman nahi buelta gehiago gaiari, azkenean adierazpen instituzional bat dalako eta Zeanuriko udalak onartzen dauenak ez dauela gehiegi suposatuko.

Arkaitz Estiballesek adierazten deutso Zeanuriko herritarrentzat izango dauela inportantzia. 

Gaia eztabaidatu ostean, adierazpena bozkatu 4 aldeko botoakaz (EH Bildu) eta 5 abstentziogaz (EAJ-PNV) mozioa onartu egiten da.

Alkateak adierazten dau, agian lehenengo aldia dala mozio bi gai bateri buruz onartzen direla.


MARTXOAREN 8a-Adierazpena

Urtetan mobilizazio ugariak egin eta bi greba feminista izan ondoren, kaleetako aldarria argia da, erabatekoa: gure gizarteak justizian eta demokrazian aurrera egin dezan, beharrezkoa da printzipio eta aldarrikapen feministak egitura eta politika instituzionaletan txertatzea. Beharrezkoa da eraldaketa erradikalak gauzatzea, erreprodukzio sozial jasangarria politika horien erdigunean jartzeko kapital-metaketa alde batera utzita, azken horrek gehiengo sozialen bizi-baldintzak prekarizatzen dituelako eta natura merkantilizatu eta esplotatzen duelako, etorkizuneko belaunaldien biziraupena arriskuan jartzeraino. Beharrezkoa da, behingoz, emakume guztien indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea lehentasun politiko bat izatea. Beharrezkoa da instituzioek interpelazio hori gure gain hartzea, eta, gure ordezkaritzari erantzunez, herrialde honetako herritar guztiak —guzti-guztiak, salbuespenik gabe— hobeto bizi daitezen gure esku dagoen guztia egin dezagun. Ez digute eskatzen argazki gehiago egitea eta asmo-adierazpen soilak adostea, ezta desparekotasunen sustraiei heltzen ez dieten makillaje-politikak planteatzea ere: aitzitik, eskatzen digute guztionak diren baliabideak erabil ditzagun emakumeen eta gizonen artean dauden sakoneko desparekotasunei aurre egiteko, inor atzean utzi gabe, lan-errealitatearen, arrazaren, sexu-desiraren orientazioaren, administrazio- egoeraren, adinaren eta beste edozein arrazoiren arabera sistemak ezartzen dituen diskriminazio eta zapalkuntza ugariei erantzunez.

Premiazko egoera horren aurrean, erabateko konpromiso bat hartu behar dugu gure udalerrietako pertsonekin, berdintasunaren eta justiziaren alde. Eta konpromiso hori har dezakegu, bakar-bakarrik, zeharo demokratikoak diren prozesuak planteatzen baditugu, non instituzioetatik “obeditzen gobernatuko dugun”, emakume zapatisten hitzak erabiliz. Eta bakar-bakarrik lortuko ditugu gure bizitzekin zerikusia duten erabaki guztiak bizi garen tokian hartzen baditugu, gure lurraldeetan, gure herrialdean; hau da, subirano izan bagaitezke eta gure erabakitzeko eskubidea baliatzeko moduan bagaude.

Euskal herritar guztien erabakiak errespetatuko dituen esparru politiko eta instituzional bat eskatzeko eta eraikitzeko lanean jarraitzen dugun bitartean, subiranotasun feminista noranzko ugariko bide baten antzera agertzen da, emakume guztien askatasunak berreskuratzeko eta eskubideak zabaltzeko prozesu baten antzera, non egunero-egunero definituko eta gauzatuko dugun gure burua gobernatzeko zer egin nahi dugun eta gure herrialdearentzat zer bizi-baldintza nahi ditugun, guztiontzat, salbuespenik gabe, eta belaunaldi gazteenen etorkizuna hipotekatu gabe. Beharrezkoa da maila instituzional guztietatik lan egitea, koordinatuta eta ikuspegi subiranista zabal batekin, eta lehentasunak identifikatuz politika feministetan aurrerapauso sendoak egiteko, eremu guztietan eskubide eta askatasunak zabaltzearren.

Instituzioetan ere feminismoa egunero defendatzen eta eraikitzen delako, gaurko egunak balio behar du, halaber, Udal honek politika feministen alde hartu duen konpromisoa berresteko, emakumeen erabakitzeko eskubidea abiapuntua, euren bizitzak zeharka hobetzera zuzentzen diren arlo guztietako politika feministekin, azpimarra berezia jarriz egoera zaurgarriago batean dauden emakume-kolektiboengan.

Horregatik guztiagatik, Zeanuriko Udalak honako hau erabaki du:

1. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorraren bidean aurreratzeko neurri sorta bat garatzea udalerrian, beharrezkoak izango diren baliabide guztiak bermatuz: 

◦Udal aurrekontuen azterketa egitea, genero ikuspegitik, Udalak hartu dituen konpromisoen bideragarritasuna bermatuz.

◦ Udal kontratazio publikoan klausula sozial eta genero klausulak txertatzeko plan progresibo bat diseinatzea eta abiatzea.

◦ Udalerriko emakumeek egindako ekarpena balorean jartzeko memoria historikoa lantzea.

◦ Genero ikuspegi batetik udalerriko zaintzen errealitatearen azterketa egitea eta errealitate hori hobetzeko neurriak martxan jartzea, besteak beste, ondokoak jasoz: 

▪Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua ematen den balditzak eta lan baldintzak duintzeko zuzenduriko neurriak proposatzea eta abiatzea.

▪ Familian egiten diren zaintzen analisia (ume eta mendekotasuna duten pertsonena), gabeziak, bete gabeko beharrak eta hobetu beharrekoak identifikatuz eta aurre egiteko neurriak abiatuz, kasu: 

● Zaintzen beharrei erantzuteko udal espazioak egokitzea.

● Zaintzarako pertsonen kontratazioaren gainean laguntza ematea.

● Zaintza behar edo eskaintzen dituzten pertsonen arteko harremanak erraztea.

● Nagusiki emakumeek egindako zaintza lanei balorea emateko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea, baita gizonek erantzunkidetasunaren gainean kontzientzia hartzeko jarduerak ere.

● Zaintza rolen gaineko emakumeentzako ahalduntze jarduerak abiatzea.

● Gazteei zuzendutako rol berdinzaleen gaineko hezkuntza jarduerak bultzatzea, ahalduntze ikuspegi batetik.

2. Identifikatu diren Udalerriko emakume zein kolektibo feministek parte hartzeko bideak irekiko dira, identifikatu diren jarduera guztien diseinutik ebaluazioraino parte hartu ahal izateko, euren iritzia kontuan hartuz.


5. MARTXOAREN 8-A DALA ETA, EUDELEK AURKEZTUTAKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALAREN EBAZPENA, HALAN BADAGOKIOA

Adierazpena:

M8ko Adierazpen Instituzionalaren eredua Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea. 1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte. Hala ere, emakumeen borroken garaia ez da amaitu. Mundu osoan eta gure tokiko komunitateetan oraindik ere emakumeenganako bereizkeriak eta ezberdintasunak daude, emakume izate hutsagatik. Bereizkeria hori beste batzuekin gurutzatzen da: klase, etnia, adina, kultura, sinesmenak, migrazio-estatusa, sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gaitasunak, besteak beste. Beijing Ekintza Plataformak 25 urte bete dituenean, belaunaldi berriak bat egiten du giza eskubideak defendatu eta genero-berdintasuna lortuko duten ekonomia, gizarte eta sistema politikoak irudikatzeko borrokan, inor bazterrean utzi gabe. Munduko mugimendu honen ustez generoen arteko berdintasuna ez da soilik oinarrizko giza eskubidea, baizik eta mundu baketsu, oparo eta iraunkorra lortzeko beharrezko oinarria. Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotzen den bezala. Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia da. Emakumeen borrokek eta kaleetako mobilizazioek instituzioei konpromiso irmoko ariketa egitea eskatzen digute: 

• Genero-harremanak eraldatzea gure udalerrien eta gure administrazioen bizitzan; • Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak errotik kentzea eta egiturazko indarkeria horren biktimak erreparatzea;

• Baldintzak eta aukerak eraikitzea izaera guztietako emakumeek tokiko bizitzako ekonomian, gizartean, politikan eta kulturan parte hartzeko;

• Diskriminazio mota guztien aurka borrokatzea;

• Bizitza erdira ekarriko duten gizarte-antolakuntza erantzunkideak diseinatzea. Tokiko euskal gobernuok konpromiso horiek gure herri eta hirietan egia bihurtzeko politikak diseinatu eta kudeatu behar ditugu, eta horrexegatik, ........ko Udalak konpromiso irmoa adierazi du berdintasunezko gizarte inklusiboa eraikitzen laguntzeko, pertsona guztien eskubideak eta parte-hartzea bermatuko dituena tokiko bizitzan, honako neurri hauek abian jarririk. Toki- eremuan berdintasunaren konpromisoan aurrera egiteko neurri posibleak:

• Udalerriko emakumeen baldintzak eta egoerak sistematikoki aztertzea baliabide, ondasun eta zerbitzu guztiak eskuratzeari dagokionez, bai eta tokiko bizitzan parte hartzeari dagokionez ere, desberdintasunak identifikatu eta zuzentzeko.

• Tokiko Bizitzako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutunari atxikitzea, eta Gutunean zehaztutako konpromisoak aplikatzea bere lurraldean.

• Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalen Tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko langile eta baliabide nahikoak dituen egitura egonkorra edukitzeko urratsak egitea, toki-mailan edo beste udalerri batzuekin elkartuta.

• Emakumeen eta gizonen berdintasunerako Tokiko Ekintza Plana garatzea, haren eragina ebaluatzea eta emaitzen berri ematea.

• Tokiko arauak arian-arian artikulatzea berdintasun-politikak garatzeko, eta udaljarduera osoan genero-ikuspegia txertatzen dela bermatzea.

• Indarkeria matxistaren arretarako eta prebentziorako Tokiko Koordinazio Protokoloa garatzea edota eguneratzea.

• Tokiko jardueretan indarkeria matxistaren biktimei erreparazioa emateko printzipioaren aplikazioan aurrera egitea.

• Udaleko arau, programa eta zerbitzuen genero-eraginaren ebaluazioa arian-arian garatzea.

• Udalerriko emakumeak ahalduntzeko programak eta ekimenak garatzeko espazioak eta baliabideak eskaintzea.

• Toki-mailan, emakumeen erakundeekin eta erakunde feministekin etengabe komunikatzeko espazioak antolatzea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko.

• Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskal Udalen Sarearekin – Berdinsarea – bat egiteko urratsak ematea. Sare horren helburua da indarrak batzea eta tokiko gobernuek elkarrekin jardutea berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politikak, programak eta zerbitzuak bultzatzeko, indartzeko, koordinatzeko eta ebaluatzeko.

Azkenean, Udal honek dei egiten die herritarrei Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara Mugimendu Feministak martxoaren 8rako antolatu dituen mobilizazioetan era aktiboan parte har dezaten.


Gaia eztabaidatu ostean, adierazpena bozkatu 9 aldeko botoakaz ( 4EH Bildu) eta 5 (EAJ-PNV) mozioa onartu egiten da.


6. DEKRETUEN KONTU EMATEA: 2019KO LIKIDAZIOA.

Alkateak 2019ko likidazioaren berri ematen dau.


10. ALKATETZA DEKRETUA, 2020 OTSAILAREN 11AN EMANDAKOA ERABAKITZEN DOT:

Lehena: Zeanuriko Udaleko 2019ko Aurrekontuaren likidazioa onartzea. Hona hemen horren laburpena:



Bigarrena: Bizkaiko Foru Aldundiari informazioa hau bialtzea.

Hirugarrena: Udalbatzarrari ebazpen honen barri emotea.


Nahia Urrutxuak akats ortografikoa dagoela dio, aipatzen dela 2018ko likidazioa onartzen dela eta ez 2019koa. Horretaz gain dio, ez dabela izan likidazioari buruzko informaziorik pleno aurreko batzordean.

Alkateak erantzuten deutso aurrekontuko dokumentazioagaz batera diruzaintzako izakin likidoari buruzko informazioa bialdu jakiela, beraz dokumentazio hori izan dabela.

Mikel Sagarna bere aldetik dio, 10/2003 Foru Arauak likidazioaren dokumentazioa zein den adierazten dauela,eta dokumentazioa hori ez dela entregatu.

Idazkariak adierazten dau likidazioa egiteko badagola dokumentazio hori espedientean, baina likidazioa ez dauela Udalbatzak onartzen Alkateak baino; Udalbatzari kontu emoten jakola. Dokumentazio osagarri hori Kontu Orokorra onartzerakoan emoten dala, eta Udalbatzari dagokiola Kontu Orokorra onartzea.

Nahia Urrutxuak dino zenbakien azalpena falta dala, ia noz egongo den azalpen hori. Idazkariak erantzuten deutso Kontu Orokorrak azaltzen dauela likidazioa, bere parte bat dalako. Idazkariak azaltzen dau likidazioa onartzeko dokumentazioa egon dala, baina agian ez dala jakin interpretatzen.


ERREGU ETA GALDERAK

Arkaitz Estiballesek hartzen dau berbea ontzat ematen direla frontoiko taberna pleguak baina erderazko bertsioan hizkuntza ez sexista ez dagoela guztiz zainduta adieraziz.

Bestalde adierazten dau Arkaitz Estiballesek ertzainak ikusi dituela multan jartzen. Bera patrulla bategaz egon zala eta esan eutsiela Alkatearen aginduak direla, beilegiz margoztutako tokietan ez aparkatzeko. Alkateak erantzuten deutso berak ez dauela agindu hori eman, beste gauze batzuen artean ezin dauelako eman be.

Arkaitz Estiballesek jarraitzen dau esanez Txoko Sagarnan aurrean dagoen seinaleran interpretazioa ez dabela bardin egiten ertzainak eta alguazilak, ertzainak esan eutsola hor ezin dela aparkatu. Alkateak onartzen dau seinalea txarto dagoela. Berria jarriko dala, “carga y descarga ordutegia luzatuz”. Estiballes jaunak adierazten dau euren proposamena gune horretan autobus geltokia jartzea dela.

Berriro hartzen dau berbea Arkaitz Estiballesek adierazteko alkatearen dedikazioa dala eta publizidadea egin behar dela, eurek herritar batzuk baiño beranduago enteratu zirela, baina uste dabela egin den publizitatea ez dela nahikoa. Alkateak erantzuten deutso web orrian jarri dela. Estiballes jaunak erantzuten deutso ordutegiak be jarri behar litekezela. Alkateak erantzuten deutso ordutegiena ez dala jarri ze batzuetan udaletik kanpo bilerak egoten direla eta ordutegi hori ezin izaten dela bete. Beraz, eta Urrutxua andreak egindako galderari erantzunez, udalean astearteetan eta ostegunetan egun osoa egongo dala adierazten dau Alkateak eta astelehenetan edo eguaztenetan, beharrizanen arabera, goiz erdia.

Jarraitzen dau Estiballes jaunak adieraziz, nahiz eta eurek ados egon Alkatearen liberazioagaz, uste dabela horrek kontrol bat behar dauela. Eskatuko dabela txosten bat Alkatearen ze bilera edo jardunaldi izan dituen. Horretara Alkateak erantzuten dau fitxetako makina bat jarriko dala edo aztertuko dela ze punturarte informatu behar den aurrera eroango jarduerakaz.

Galdetzen dau baita be ia alguazila zergaitik dagoen plenoetan. Beste udaletxe batzuetan ez dela egoten. Galdetzen dau baita be ia ordu horiek ordu extra legez kobratzen diren. Alguazilak berak erantzuten deutso galderari eta adierazten dau bere aurreko alguazila be egoten zala eta bera sartu zenean, hori zala bere funtzioetako bat. Horretaz gain, dedikazioaren barne sartzen dituela ordu horiek.

Honen harira galdetzen dau Arkaitz Estiballesek ia zer dala eta bialtzen jakon plenoetako informazioa alguazilari. Idazkariak azaltzen dau alguazila dala enkargatua udalbatzako deialdiak publikatzeko, eta ez ahazteko plenoetako kideen taldean sartu zala. Egia dela horrek suposatzen dauela, plenoko gaien informazioa guztia hartzen dauela. Zuzenduko dala.

Nahia Urrutxuak hartzen dau berbea eta adierazten dau Kultur Batzordeak antolatzen dituen ekintzen triptikoa, batzutan ekintzaren bat pasau eta gero publikatzen dala, jentea informatzeko bada aurretik atera beharko litekezela. Alkateak diño hori pasau zala bertsolarien saioagaz, baiña aparteko programak egon zirela.

Gai bardinegaz jarraituta adierazten dau Nahia Urrutxuak otsailaren 16an ekintza bi proposatzen zituela Kultur Batzordeak, San Balentin inguruko ekintzak eta kanporamartxo. Alkateak erantzuten dau, San Balentin Eleizondotarrak antolatu dabela eta kanporamartxo Joko Alaik. Kultur Batzordeak herrian dagozan ekintza guztien barri emoten dauela, adieraziz nork antolatu dauen. Arkaitz Estiballesek adierazten dau Kultur Batzordeak koordinatu beharko leukela ekintza bi ez jartzea egun berean. Alkateak dio baietz, baiña San Balentinek egutegian egun bat daukala eta baita ere kanporamartxok.

Mikel Sagarnak galdetzen dau ia elkarte guztien ekintzen berri ematen den. Alkateak erantzuten deutso Kultur Batzordean dauzenen ekintzen berri ematen dela.

Arkaitz Estiballesek galdetzen dau ia Errotak bialdu dauen gazteengan euskera sustatzeko ekimenen bat. Alkateak diño baietz baina Zeanuriko udala ez dela sartuko. Horren azalpena eskatu deutso Estiballes jaunak, ze erdera asko entzuten dela gazteen artean. Alkateak erantzuten dau eskolako irakasleak adierazten dabela euskeraren ezagutza ona dela gazteen artean.


Eta beste gairik ez dagoenez, bilerari amaiera ematen jako arratsaldeko 21:30 etan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario