2021/09/13

2020ko uztailaren 9ko ez ohiko plenoa

BERTARATUAK: EIDER AJURIAGERRA ARANA, MIKEL IBARRA MARTINEZ, GURUTZE ETXEBARRIA ZULUAGA, NAGORE MADARIAGA PAREDES, IRATI ALTUNA ZUAZUA, JAVI CAMPO GOIKURIA, NAHIA URRUTXUA ARRIORTUA, ARKAITZ ESTIBALLES ORMAETXEA.

Idazkaria: Ana Mari Bengoetxea Lejarza.

Zeanuriko udaletxeko batzar-aretoan, 2020ko uztailaren 9an, 19:00etan, goian aipatutako zinegotzi-gaiak biltzen dira uztailaren 7an deialdian aipatutako gaiak jorratzeko.

Toki alorreko legeek ezarritako kuoruma betetzen dala ikusita,Alkateak, bilereari hasiera emoten deutso.


1. EH BILDUK “COVID 19-AK EKARRITAKO KALTE EKONOMIKOAK GITXITZEKO ZEANURIKO HERRITARREI ETA FAMILIEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEEN “ONARPENA HALAN BADAGOKIO.

Alkateak berbea ematen deutsie EH Bilduko zinegotzie ordenantzaren nondik norakoak azaltzeko.

Arkaitz Estiballesek adierazten dau beharrezkoa ikusten zala Covid-19 garai honetan langabezian edo Ertean geratu diren familia eta herritarrei zuzendutako dirulaguntza batzuk onartzea, bere egunean autonomoakaz eginzan bezala. Hori kontuan izanda, ordenantza eredu hau erregistratu ebela udalean, baina ikusita ez zela udalbatzan tratatzen, tratatzeko ez ohiko udalbatza bat eskatu dabela. Ordenantzan bertan zehazten direla dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak izango litekezan baldintzak eta eskatzen dela 60.000€tako partida bat zabaltzea honetarako. Kantidade hau gitxitu be egin ahal dala dio, beharrizanen arabera.

Jarraitzen dau adieraziz ez dabela jaso EAJ-PNVren aldetik gonbidapenik batzar bat egiteko, baina ikusi dabela bando bat gai honen inguruan, eskatuz langabezi edo ertean dagoen jendea, arazo ekonomikoak izan ezkero udalera hurbiltzea. EH Bilduren ustez, ez dela izan era egokia, ze benetan egoera larrian dagoenari bi aldiz udalera hurbildu arazoten jakola. Ez dela ulertzekoa prozedua hori EAJ-PNVko taldean Gurutz Gorrian lan egiten dauen taldea egonda, eta zerbitzu sozialakaz harreman estua daukan jendea be.

Alkateak hartzen dau berbea adierazteko hau ezin dela konparatu autonomoakaz, ze autonomoak guztiz zarratute egon direla, dirusarrera barik eta agian gastuak ordaintzen (hipoteka...)eta herritarrak bai ertean edo langabazian zeozer kobratuko ebela. Jarraitzen dau Alkateak adieraziz, ez ohiko pleno baten deialdi eskaria dala eta, berak adierazi ebala gai horrek azterketa sakonago bat behar ebala eta agian uztailako udalbatzako tratatuko zala. Jarraitzen dau adieraziz bando baten bidez jendeari jakinaraztea udala ordenantza bat aztertzen dabilela dirulaguntzak emateko eta egoera ekonomiko larrian egon ezkero udalagaz kontaktoan jatzea era egokia ez dela aipatu dauela EH Bilduko zinegotziak. Hori uste bat baino ez dela, ze momenturen baten udalagaz kontaktoan jarri behar direla.

Estiballes jaunak dino, autonomoen moduen familia edo norbanakoak be gastuak badabezela, kredituak eta abar... eta gainera batzuk, aurreko krisitik ez direla guztiz errekuperatu. Bere ustez, jakin barik ze ordenantza onartu den udalera hurreratu arazotea ez da egokia.

Ordenantzara joanda, Alkateak adierazten dau ordenantzan ez direla sartzen aurreko krisitik egoera txarrean geratu direnak, bakarrik Covid-19aren ondorioz erte edo langabezian geratu direnak. Epea be oso zehaztute dagoela, apiriletik ekainera.

Epeari dagokionez, Estiballes jaunak dio aldatzeko prest dagozala, beste jente bateri be (adibidez Araluceko langileak) be aukera emateko.

Jarraitzen dau Alkateak adieraziz batzordean EH Bilduko zinegotziek aipatu ebela, ordenantza hau hausnarketa baten ondorioz datorrela, Arratia mailan egindako hausnarketa baten ondorioz eta horren arrazoia dala 60.000€tako aurrekontua. Galdetzen dau ia ze parametro erabili diren hausnarketa egiteko. Estiballes jaunak dio biztanleriaren arabera. Halan eta be prest dagozala, EAJ-PNV ren hausnarketa entzuteko.

Alkateak erantzuten deutso berak datuak emango dituela: ertean, Zeanurin, 13 emakume eta 13 gizon dagozala, eta langabezian, otsailean baino 8 pertsona gehiago.

Arkaitz Estiballesek galdetuta Alkateak erantzuten dau horretatik bat etorri dala udalera.

Arkaitz Estiballesek galdetzen dau ia zein den arrazoia pertsona bakarra joatearena: informazioa ez izatea ala beharrizanik ez izatea. Alkateak erantzuten deutso arrazoi biak izan ahal direla. Berak hitz egin dauela ertean dagozan 6 pertsonakaz eta adieerazi dabela eurek SEPEtik kobratzen ari direla (enpresak ordaintzen ez dauen % bat), enpresatik beste ehuneko bat .

Jarraitzen dau Alkateak adieraziz, dirulaguntzari buruz adierazten dala 1.100€tako dirulaguntza pertsona bakarra bada eta 2200 bi badira, EH Bildurentzat horreik izan beharko litekezelako gitxiengo soldatak, aldiz “salario minimo interprofesional” 950€ direla. Horretaz gain zaintzan lan egiten dabenak, garbikuzian lan egiten dabenak,ostalaritzan eta supermerkatuetan lan egiten dabenek gitxiengo salarioa kobratzen dabe, eta ez dira ordenantzaren barne sartzen.

Jarraitzen dau Alkateak esanez, honeri gehitu behar jakola umeak izatea, baina ez dela ondoegi ulertzen ume guraso bakoitzaren osagarri den, ala bikotearena.

Beste ildo batetik jarraituz, galdetzen dau Alkateak 60.000€tako partida sortzea eskatzen dauela ordenantzak. Konsignazio hori egiteko, eta kontuan izanda Udalkutxan egon den murrizketa, nondik egitea proposatzen dauen EH Bilduk. Arkaitz Estiballesek adierazten dau badagozala proiektu batzuk atzeratu ahal direnak.

Berriro be hartzen dau berbea Alkateak adierazteko ez direla kontuan izan jornada murriztuan edo excedentzian dagoen jendea, ezta adinekoak bez. Zehaztasun asko falta dela ordenantzan.

Jarraitzen dau adieraziz Alkateak Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritza taldekoakaz egon direla, eta adieazi dabela ordenantzari pega teknikoak somatzen jakozala, eta gertau ahal dala beharrizan gehien daukienak laguntza barik geratzea. Bere ustez herrian sortzen diren GLL (gizarte larrialdietako laguntzak) eta DBE-RGI (dirusarrerak bermatzeko errentak) kasuan kasuko aztertu beharko litekezela. Errolda irizpideak be ez datozela bat, ze ordenantzak erroldatuta egotea bakarrik eskatzen dauela eta GLL –k 6 hilabete eta DBE-ek 3 urte. Kontratu bakoak be ez direla kontuan hartzean. Ordenantzaren 4. Atalean bakarrik aipatzen dela langabezi saria konputagaria dala baina ez DBE eta GLLa konputagarriak badire ala ez. Jaurlaritzako teknikoaren ustez oso zaila dala laguntza honeik kontroletea. Jakinda Zeanuriko udalak mankomunitatearen bitartez kudeatzen dituela gizarte gaiak eta bertako langileak ez daukiela horretarako formakuntzarik oso zaila dela ordenantzaren aplikazioa kontrolatzea.

Jarraitzen dau adieraziz gizarte langileagaz be egon dala eta adieazi deutsola Zeanurin ez dela Covid-19 a dala eta inongo kasu barririk erregistrau.

Baita be, aipatu deutsiela Jaurlaritzako teknikoak eta mankomunitatekoa ez direla kontuan izaten aurreko urteetako dirusarrerak, aurrezkiek, babes familarra... guzti hori garrantzitsua dala.

Arkaitz Estiballesek dio autonomoei be horrelako ezer ez jakiela eskatu.

Guzti hau jakinda, eta jakinde aste honetan pertsona bakarra jarri dala udalagaz hartuemonetan , galdetzen dau ia ordenatza hau beharrezkoa dan Zeanurin. Euren ustez ordenantza ez da bideragarria eta azterketa bat egin beharko liteke kasu bakoitzeko, gizarte zerbitzuak aholkatu daben moduen. Bandoak atera eta jendeari jakinarazo arazo ekonomikoak izan ezkero, udalera hurbildu ahal dala. Datu horreik kontu handiagaz tratatu,Alkateak eta idazkariak jakinda nahikoa litekela eta dirulaguntzaren bat bideratu behar izan ezkero EH Bilduko zinegotzi batek be espedientea ikusteko aukera izan dagiela.

Arkaitz Estiballesek galdetzen dau ze irizpide edo parametron arabera emango liteken dirulaguntza. Alkateak erantzuten deutso gizarte zerbitzuetara bideratuko litekela kasua, eta euren parametroetan sartuko ez balitz, udalak lagundu, beste kasu batzuetan egin den moduen. Horretarako “familiei dirulaguntzak” partida zabalik daukala udalak.

Gurutze Etxebarria zinegotziak adierazten dau, Mankomunitateak 80.000€tako dirusarrera bat jaso dauela Covid-19a dala eta kaltetuak izan direnei laguntzeko.

Arkaitz Estiballesek adierazten dau, Alkatearen planteamenduak ia kontratu bako jentea kontuan hartzen dauen. Alkateak dino gizarte zerbitzuetara bideratzea bakarrik geratzen dala.

Nahia Urrutxuak uste dau jendea ez dela ausartuko udalera joaten bere arazo ekonomikoei buruz hitzegiten bentanillan dagoenari. Alkateak dino langileak badakiela gaia zelan tratau.

Guzti hauek entzunda, bozketara jotzen da, eta 3 aldeko botogaz (EH Bildu) eta 5

kontrako botogaz ( EAJ-PNV), ordenantza ez da onartzen.


Eta beste gairik ez dagoenez, bilerari amaiera ematen jako 20:00 orduetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario